XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

4 GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

ALDUNDIA - OBRA HIDRAULIKOAK

Idiazabalgo Hiri Antolamenduko Arauen Iñaustiko erriberako elementuen aldaketa

OBRA HIDRAULIKO ETA HIRIGINTZA DEPARTAMENTUA Hirigintza eta Arkitekturako Zuzendaritza Nagusia Idiazabalgo Iñausti Erriberako Eremuari dagokion Hiri Antolaketako Arauen Aldaketa. (GHI-177/97-P05-A).

Diputatuen Kontseiluak, 1998ko urtarrilaren 21eko batzarraldian, erabaki bat hartu zuen eta horren edukina ematen da ondoren argitara:

Udalak tramitatu ondoren, Idiazabalgo Iñausti erriberako eremuari dagokion Hiri Antolaketako Arauen Aldaketa aurkeztu du, Foru Aldundiak behin betiko onar dezan.

Udalak sustatutako dokumentuaren helburua da nekazaritza eta abeltzaintzako interesa duen lurzoru hiritarrezinaren zati bat berriro sailkatzea, industriarako lurzoru hiritar bihurtzeko eta, horrela, enpresa bat bertan jarri ahal izateko.

Eremu horrek 12.068 m2 inguru ditu eta Madril-Irun N-1 errepidearen inguruan dago, Oria ibaiaren, Yurreko (Olaberria) industri areetara sartzeko bide berriaren eta Idiazabalgo saihesbidearen iparraldeko lotuneko kiribilaren artean.

Udal fasean, Aurrerapena tramitatu ondoren, 1997ko uztailaren 29ko Udal Batzarrak dokumentua hasieraz onartzea erabaki zuen, eta jendaurrean erakutsitako epean alegazio bat aurkeztu zen.

Beharrezko informeak egin ondoren, Udal Batzarrak erabaki zuen, 1997ko irailaren 30ean, behin-behinekoz onartzea tramitatutako aldaketa, ez onartzea aurkeztutako alegazioa eta, era berean, espedientea Gipuzkoako Foru Aldundira bidaltzea behin betiko onartzeko.

Dokumentazioa Euskal Herriko Lurralde Antolaketako Batzordeari bidali ondoren Gipuzkoako Hirigintza Plangintzaren Atalak, 1997ko abenduaren 19an egindako 5/97 bileran, espedienteari eragozpenik ez jartzea erabaki zuen, derrigorrez bete beharrekoak diren alderdiei dagokienez.

Azkenik, Hirigintzako zerbitzu teknikoek, bere edukia azterturik, adierazi dute lege aldetik zuzena dela eta helburuekin bat datorrela, eta, beraz, behin betiko onar daitekeela.

Ondorioz, eta tramitatzerakoan hirigintzako legerian aurreikusitako jardunbidea segitu denez, Diputatuen Kontseiluak, aplikagarri den legeria ikusirik, Obra Hidraulikoetako eta Hirigintzako foru diputatuaren proposamenez eta eztabaidatu ondoren, ERABAKI DU

Behin betiko onartzea Idiazabalgo Iñausti erriberako eremuari dagokion Hiri Antolaketako Arauen Aldaketa

Erabaki hau behin betikoa da eta administrazio bidea amaitzen du. Nahi izanez gero, Administrazioarekiko Auzi Errekurtsoa aurkez dezake interesatuak Euskadiko Justiziako Auzitegi Nagusiak Bilbon duen Administrazioarekiko Auzietako Salan, erabaki hau argitaratu edo, kasua bada, jakinarazi eta bi hilabeteko epean.

Eraskina: Aipatutako dokumentuan dagoen Hirigintza Arautegiaren testua.

Donostia, 1998ko urtarrilak 23.-Javier Capdevila Mayoral, Idazkari Teknikoak. (449)(724) ERANSKINA I. ATALBURUA XEDAPEN OROKORRAK

1. art. Aplikazio eremua.

Honako Arau hauek, Idiazabalgo Hiri Antolaketako Arauetako elementuen Aldaketa Proiektu honen xede den lurraldean izango dira aplikagarri, indarrean sartzen diren une beretik aurrera.

2. art. Arauen iturriak eta hierarkia

Lege, araudi orokor eta maila altuagoko beste xedapen batzuei zor zaien menekotasuna kaltetu gabe, Arau hauek Garapen Plangintzak eta Hirigintza nahiz Eraikuntza Proiektu guztiek errespetatu beharko dituzte. II. ATALBURUA PLANEAMENDUAREN GARAPENA

3. art. Programa.

Elementuen Aldaketa hau, eremu honetako hirigintza-fitxetan adierazita dauden planeamendu baliabideen bitartez osatu eta garatuko da.

Hala ere, proposatutako Planeamendu Programan aurreikusi gabeko Xehetasunezko Azterketak idatzi ahal izango dira baldin eta, Udalaren iritziz, aurreikusitako lerrokadurak, profilak edo sestrak doitzea edo zehaztea komenigarria eta beharrezkoa bada. Edonola ere, probetxamenduaren mugak eta hirigintzako oinarrizko irizpideak errespetatu beharko dira beti. III. ATALBURUA PROBETXAMENDUAK ETA LAGAPENAK.

4. art. Eskura daitekeen probetxamendua.

Eusko Jaurlaritzaren apirilaren 25eko 3/1997 Legea, hau da, hirigintzako ekintzaren ondorioz komunitateak gainbalio orokorretan izan behar duen partaidetza zehazten duen legea betez, Iñausti izeneko 15 zk. Eremuan Proiektu honek antolatu duen hirigintzako probetxamendu osoaren %15a Udalari dagokio.

5. art. Derrigorrezko lagapenak.

Legeak agintzen duenaren arabera derrigorrez eta dohain laga beharreko lurrak eta, edozein kasutan ere, honako Proiektu honek hala izendatzen dituen lursailak, Udalaren titulartasunean geratuko dira, herri jabarikoak diren bide-sareak eta ibaiak izan ezik, horiek lurralde eta autonomi Administrazio eskudunei baitagokie. IV. ATALBURUA ERAIKITZEKO AHALMENA ERABILTZEA

6. art. Betebeharrak

Eraikitzeko eskubidea lortu ahal izateko, hiritartzeko eta hirigintzako probetxamendurako eskubideak eraginkorrak izan beharko dira, indarrean dagoen Lur Legearen Testu Bateratuko 23. artikuluak eta ondorengoek xedatutakoaren arabera.

7. art. Orubeetan eraikitzea

Antolaketa honen ondorioz sortzen diren orubeetako eraikuntza Proiektuan ezarritako epeen barruan gauzatu beharko da, aldez aurretik dagokion baimena eskuratu beharko delarik.

Eraikuntza eta hiritartze lanak aldi berean gauzatzeko baimena ematen bada, probetxamenduaren eta eraikitzeko eskubidearen esleipena, hiritartzeko betekizun hau behar bezala betetzera baldintzatuko da. V. ATALBURUA ERAIKITZEKO BALDINTZAK

8. art. Arautegi osagarria

Proiektuak aurreikusten dituen Eremuei dagozkien hirigintza-fitxa bakoitzak baimendutako probetxamendua xehetasunez arautzeko beharrezkoak diren ordenantza partikularrak barnebiltzen ditu; era berean, bere barne hartzen ditu probetxamendua neurtzeko irizpideak, eraikinen erabilerarako araudia, har daitekeen azalera, eraikuntzaren lerrokadurak, altuerak eta profilak, altuerak neurtzeko irizpideak, baimendutako lerrokaduren eta profilen gainetik irteten diren hegalkin eta elementu irtenen sistema eta abar.

Bizigarritasun, segurtasun, zerbitzu eta abarretarako baldintzei dagokienean, indarrean dauden Hiri Antolaketako Arauetan eta derrigorrez aplikatzekoak diren legezko xedapenetan aurreikusitakoa beteko da. VI. ATALBURUA HIRIKO LUR EREMUETARAKO ARAU PARTIKULARRAK

9. art. 15. zk.dun Eremuaren -Iñausti- hirigintza-fitxa.

(fitxa honekin batera, 5 zk.dun planoan barnebildutako Orri Grafikoa doa).

1. HIRIGINTZAKO ARAUDI OROKORRA

1.1. Sailkapena: Lur eremu hiritarra.

1.2. Kalifikazio Orokorra: Industrialdea.

1.3. Kalifikazio xehekatua.

-Industri lur eraikigarria:

Erabilera nagusia: Industria.

Baimendutako erabilerak: Bulegoak, merkataritza, ekipamendua eta fitxa honetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten bestelako erabilera tertziarioak.

Debekatutako erabilerak: Beste guztiak. Bereziki, aldi baterako edo izaera iraunkorreko etxebizitza erabilera, finkoa nahiz mugikorra, hala pabiloietan nola lurzatian erakusketa gisa ezarri daitezkeen etxe-prototipoetan.

-Industri lur eraikiezina: Erabilera eta jabari pribatua.

Erabilera nagusia: Aire zabaleko aparkamendua, zona lorategidunak.

Debekatutako erabilerak: Beste guztiak. Lehengaiak gorde eta biltegiratzeko lekuak, bizilekuak eta antzeko elementuak.

-Herri jabariko Ibai lurra. Eraikiezina

Erabilera nagusia: Herri ibilgua eta berorren bideratze, babes eta zerbitzurako elementuak.

Baimendutako erabilerak: Alorreko legeria aplikagarriak aurreikusten dituenak.

Debekatutako erabilerak: Beste guztiak.

-Herri jabariko Bide lurra. Eraikiezina.

Erabilera nagusia: Bide sarea eta hori osatzen duten elementuak, babesguneak eta zerbitzuguneak.

Baimendutako erabilerak: Alorreko legeria aplikagarriak aurreikusten dituenak.

Debekatutako erabilerak: Beste guztiak.

-Aforo Estaziorako lurra. Herri jabaria. Eraikigarria. 4

Erabilera nagusia:Oria ibaiaren kontrol hidraulikoarekin zuzenean lotutako instalazioak.

Debekatutako erabilerak: Beste guztiak.

1.4. Azalera (Ikus 2 zk.dun planoa).

Lur pribatua: 5.267 m2

Herri titulartasuneko lurra: 6.801 m2

Eremu osoa: 12.068 m2

1.5. Mugak.

Orri Grafikoan (5 zk.dun planoan) adierazitakoak.

2. ANTOLAKETAREN IRIZPIDEAK ETA HELBURUAK

Lurzati eraikigarria mugatzea eta lurzati horretan ezarriko den industria generikoki kontrolatu ahal izateko beharrezkoak diren hirigintzako xedapenak finkatzea; batez ere, Tecnomodul S.L. enpresari dagokionean.

Idiazabalgo Saihesbideak Iparraldean duen lotunearen inguruan Herri Jabariko Bidesarea eta Oria ibaiaren zati batean Herri Jabariko Ibai eremua osatu ahal izateko beharrezkoak diren lursailak erreserbatzea.

Zerbitzu-bidea eta lehendik dauden bazterbideak finkatzea eta, berorren luzeran, 3 metro zabaleko babes-zerrenda sortzea. Zerrenda horretan, Idiazabal eta Iurre bitarteko oinezkoen nahiz txirrindularien trafikoa erraztuko duen espaloia eraikitzea aurreikusi da.

Gutxieneko aparkamendu-beharrak eta industri lurzatirako sarbideen erregulazioa aurreikustea, lehen mailako bide- sarearekiko (N-1 eta Iparraldeko Lotunea) interferentzia funtzionalik gerta ez dadin.

3. ORDENANTZA XEHEKATUAK

3.1. Probetxamendua.

Emandako lurzati pribatu bakoitzean 0,60 m2/m2-ko eraikigarritasuna baimenduko da gehienez. (Ibaia, errepideak, bideak eta herri jabetzako beste azalerak bazterrera utzita).

Probetxamendu honen barne sartzen dira altxatako oin guztietan, oinarteak eta goitegiak barne direla, eraikitzen diren azalera guztiak eta, lurzatian erakusketa gisa ezarri daitezkeen etxe-prototipoetan eraikitzen diren azalera guztiak.

Aforo Estaziorako lurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak xede horretarako onetsi duen Proiektuan aurreikusten diren eraikuntzak ezarri ahal izango dira.

3.2. Lurzatiketa.

Antolaketa honetatik ondorioztatuko den industri lurzatia zatiezina izango da, jarduera edo enpresa bakar bat hartu ahal izango duelarik.

3.3. Eraikuntzarako baldintzak.

Eraikinetako lerrokadurek Orri Grafikoan (5 zk.dun planoa) jasota dagoen gehieneko lerroa errespetatuko dute. Hau da, gutxienez 5 m-ko distantzia, ibaiertzean ezarrita dagoen herri erabilera eta jabariko zerrendaren kanpoaldetik hasita; 10 m-ko distantzia, Iurreko zerbitzubideko bazterbidearen lerro zuritik; eta, 18 m-koa, Idiazabalgo saihesbidearen iparraldeko lotunearen guneko bazterbidearen lerro zuritik hasita

Eraikuntzako altuerek, indarrean dauden Hiri Antolaketako Arauetako 57. artikuluan xedatutakoa beteko dute. Edonola ere, eraikin, etxeen prototipo eta gainontzeko instalazioen lerrokadurek eta altuerek, lurzatia luzeran zehazkatzen duen linea elektrikoa eramatetik eratortzen diren zorpenak errespetatu beharko dituzte

Lurzatia hartzeak irtenbide egokia emango die sarbide, aparkamendu, maniobra, erakusketa eta aire zabaleko biltegiratzearen beharrei. Okupazio hori, dena den, lurzati pribatuaren azalera garbiaren %50a izango da gehienez ere (herri erabilera eta jabarirako eremuak salbuetsita geratzen direlarik)

4. EKIPAMENDU ETA HIRIGINTZARAKO BALDINTZAK

Lurzati pribatu bakoitzaren barruan, bertan garatzen den produkzio-jarduerak sortzen dituen beharrei irtenbidea eman ahal izateko behar hainbat aparkamendu aurreikusi beharko dira.

Edonola ere, Hiri Antolaketako Arauetan barnebiltzen diren aipatu Ordenantza Orokorretako 61. artikuluak ezartzen duen zuzkidura bermatu beharko da betiere.

Lurzatia merkataritza edo hirugarren mailako jarduerak garatzeko erabiltzen bada, aparkalekuen gutxieneko estandarra aparkaleku batekoa izango da eraikitako 20 m2 bakoitzeko.

Sustatzaile pribatuen kontura gauzatuko dira lurzatiaren barruko hiritartze lanak (zoladura, lorategiak, hediak, argiteria eta bestelako zerbitzu-sareak) eta zerbitzu-sare orokorretatik egin beharreko hartuneak (ura, saneamendua, elektrizitatea, telefonoa, eta abar).

Era berean, lehendik dagoen linea elektrikoa behin-behinekoz desbideratu beharra gertatzen bada, horrek sor ditzakeen gastuak ere sustatzaile pribatuen kontura ordainduko dira.

Bestalde, partikularrei esleitutako hiritartze- betebehar gisa ezarri da 1,80 m zabaleko espaloia egitea (Errota poligonoko espaloiaren antzera eraikiko dena)

Espaloi hori Iurreko zerbitzu-bidearen luzeran zertuko da, Iparraldeko lotunearen ahokadura eta Iñaustiko zubiaren artean

Ibilgailuen lurzatirako sarbideak lurreko zerbitzu-bidetik egingo dira beti eta gutxienez 50 metroko tartea gorde beharko dute, Iparraldeko lotuneko elkargunetik neurtuta

Ibilgailuen lurzati pribaturako sarbidearen geometriari dagokionean, indarrean dagoen Errepideetako Foru Arauak xedatutakoa bete beharko da (9 m-ko erradioa gutxienez).

5. PLANEAMENDUA ETA KUDEAKETARAKO BALDINTZAK

Antolaketa berriak herri erabilera eta jabarirako aurreikusten dituen lursailak, dagokion Orri Grafikoan jasota daudenak hain zuzen, dohain laga beharrekoak izango dira.

Lurzatiari esleitu zaion eraikuntzako probetxamendu orokorraren %15ari dagokion balioa Udalari ordaindu beharko zaio. Berorren zenbatekoa, eraikitzeko baimena ematen den momentuan erabakiko da, aldez aurretik arrazoizko balorazioa egina egongo delarik.

Baimena eskatzerakoan, eraikuntzarako proiektuarekin batera (pabiloi berriak, bulegoak, etxearen prototipoa muntatzea, eta abar) hiritartze lan osagarrien proiektua aurkeztu beharko da. Bertan, jarduketa batune honekin loturik dauden hiritartze lanak, zerbitzuak eta hartuneak behar bezala aztertuta azaldu beharko dira.

Eraikuntzako eskubideak eta hiritartzearen betebeharrak banatzeko xedez, indarrean dagoen hirigintzako legeriak aurreikusten duen sistemaren bat erabiltzea beharrezkotzat jotzen bada, Lankidetza sistema ezarri da kasu horretarako.

Azken xedapenak.

Lehena. Honako Arau hauek indarrean sartzen diren une berean, lerrun berdineko edo txikiagoko Arau guztiak indargabeturik geratuko dira baldin eta, Hiri Antolaketako Arauetako elementuen Aldaketarako Proiektu honen barne egonik, ordenantzetan xedatutakoarekin bateraezinak gertatzen badira.

Bigarrena. Idiazabalgo Hiri Antolaketako Arauetan Aldaketa honen xede den lurraldeari buruz ezarrita dauden Hirigintzako Arauak indargabeturik geratzen dira.

Aipatutako Arau horietatik, honako Proiektu honek aurreikusten ez dituen alderdiak arautzen dituztenak bakarrik iraungo dute indarrean.